Zientziako mantal ikusezinak

Mileva Maricek Albert Einsteinen aurkikuntzetan izandako parte hartzeak eztabaida bizia sortzen du. Dena den, Maric ahantzitako zientzialari handia izan zen, eta haren lana ez da oraindik aitortu. Hori izan da emakume zientzialari askoren patua: historia liburuetan ikusezin bihurtu dituzte.berriaB

2016-02-18 / Iker Tubia

Albert Einstein. Azken boladan bolo-bolo dabil berriz ere zientzialari sonatuaren izena. 220px-Mileva_MaricGrabitazio uhinak antzematea lortu dute berriki, eta, horrela, Einsteinek 1915ean argitaratu zuen Erlatibitatearen Teoria berretsi egin dute. Mito handiaren itzal luzea pixka bat loditu da egun hauetan. Baina, itzal horren atzean, bazen zientziaren historian oharkabean igaro den beste zientzialari handi bat. Haren izena ez da agertzen albiste gehienen lerroetan. Mileva Maric.

Paradoxak zer diren, grabitazio uhinen aurkikuntzaren berri otsailaren 11n eman zuten, emakume zientzialarien nazioarteko egunean, hain zuzen ere. Ez dago erabat argi zein egiteko izan zuen Maricek Einsteinen ikerketa eta aurkikuntzetan. Gai horrek lubakiak sortu ditu zientzia eta historiaren eremuetan, Maricen lan eta merituen aldeko eta kontrako jarrerak. Bigarrenak izaten dira bortitzenak. Hala antzeman du Marta Macho Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Macho da emakume zientzialarien izena eta lana zabaltzen duen webgunearen kudeatzailea:http://mujeresconciencia.com.

«Sinetsarazi digutenaren kontra, Maric etxekoandre soila baino askoz ere gehiago izan zen». Mercedes Gonzalez Morenok esandako hitzak dira horiek. Kimikaria da Gonzalez Moreno, irakasle erretiratua, eta 2012. urtean Maricen inguruko hitzaldi bat eman zuen Bilbon. «Erlatibitatearen Teorian erabat baztertutako emakumea». Halaxe definitu zuen.

Horren froga batzuk badituzte Maricen aldekoek. «Nire problema matematiko guziak ebazten ditu», edo «beti bezala, egun osoa harekin lanean igarotzen dut» esaldiak horren lekuko dira. Einsteinenak dira biak. Beraz, iradoki liteke, Maricek matematikara eramaten zituela Einsteinen ideiak. 1903. urtean elkarrekin ezkondu ziren, baina aurretik ere bikote harremana zuten.

Bada argigarritzat hartu ohi den beste eskutitz bat, baina hori Maricek berak idatzitakoa da, Helene Kaufler adiskideari. Sinaduran 1905. urtea ageri da, Einsteinek Erlatibitatearen Teoriaren lehen atala ezagutzera eman zuen urtea. Hala dio eskutitzak: «Oso lan garrantzitsua bukatu dugu berriki; nire senarra mundu osoan ezagun eginen da horrekin».

Evan Harris Walker zena Maricen defentsan atera izan diren fisikarietako bat da. «Erlatibitatearen Teoria Milevak [Maricek] Weber irakasleari idatzi eta aurkeztu zion tesitik abiatzen da», esan zuen. «Efektu fotoelektrikoaren jatorria Milevaren [Maricen] lanetan dago, Heilderbergenen Lenard irakaslearekin ikasten zuen garaietako ikerketetan. Hain zuzen ere, gerora Lenardek Fisikako Nobel saria jaso zuen efektu fotoelektrikoei buruzko esperimentu lanengatik».

Horiek ez dira Maricen eskua tarteko duten lan bakarrak, Harrisen arabera. Termodinamikarekiko interesari esker aurkitu zuen Einsteinek browndar higiduraren teoria, eta lan matematikoa Maricek egin omen zuen, molekulen mugimendu desordenatua deskribatuz.

Harrisek zioen erlatibitatearen oinarrizko ideiak Maricenak zirela. Senta Troemel-Ploetz linguistak dio ideiak Einsteinenak zirela, baina kalkulu matematikoak Maricek egin zituela. Matematika kontuak Maricen esku geratzen zirela ere esan du Peter Michelmorek, Einsteinen biografiaren egileak. Haren esanetan, Bernan (Suitzan) elkarrekin gogor egin zuten lan Erlatibitatearen Teoriaren inguruan. Kontrara, John Stachelek, Einsteinen eskutitzen jabeak, uste du Maric «probako solaskide soila» baizik ez zela.

Bada beste anekdota bitxi bat. 1936. urtean Einsteinek berak uko egin zion grabitazio uhinen teoriari. Grabitazio uhinak existitzen dira? deitutako artikuluan egin zuen, Physical Review zientzia aldizkariak argitaratu nahi izan ez zuen horretan. Izan ere, John Tate aldizkariko editoreak artikulua berrikusteko eskatu zion beste zientzialari bati, eta kalkuluetan akatsak aurkitu zituen zuzentzaileak. Maricek, ordea, ez zuen uhin horien aurka egin.

Oztopoz beteriko bidea

Zientzialari ona zen Maric, eta eginkizun garrantzitsua izan zuen haren izena ahantzia duen historian. Emakume izateagatik, oztopo handiei aurre egin behar izan zien bere bizitzan. 1875. urtean jaio zen, Titelen, gaur egungo Serbian, baina garai hartako Austria-Hungariako Inperioan. 1890ean Fisika eta Kimikako ikasketak egin zituen, eta notarik onena lortu. Zagrebeko Erret Eskola pribatuan onartu zuten gero, nahiz eta emakumerik ez zuten hartzen. Sei urte geroago, Zuricheko Institutu Politeknikoan hasi zen. Han aritu zen bosgarren emakumea izan zen. Han ezagutu zuen Einstein.

Zuricheko ikasketak bukatzeko azterketa bakarra geratzen zitzaiola, haurdun geratu zen, eta ez zituen ikasketak bukatu. Ez zegoenez ezkondurik, Einsteinek haurra adopzioan ematera bultzatu zuela diote hainbat biografiak. Ezkondu ondoren beste bi seme izan zituzten; haietako batek eskizofrenia zuen. Maricek bakarrik zaindu zuen eri zegoen semea.

Zaila zen, eta oraindik ere hala da, zientzialari emakumeen ibilbide profesionala. Gizarte patriarkalak gizonen itzal lodien azpian ezkutatu ditu zientziari ekarpen handiak egin dizkieten emakumeak. Maric, gainera, itzalik luzeenetako baten azpian geratu zen harrapaturik. Itzal hori ez ezik, Einsteinen mespretxua eta tratu txarrak ere jaso zituen.

Nola jokatu behar zuen adierazi zion senarrak, eta hori idatzita utzi zion. Arropa txukun eduki behar ziola, otorduak prestatu eta gelara eraman behar zizkiola eta etxea garbi eduki behar zuela exijitu zion, eta alboan eseri behar zitzaiola, elkarrekin atera behar zutela kalera, eta harreman pertsonal oro debekatu zion —bazuen salbuespen bat: jendaurreko agerraldiak-. Aginduen zerrenda luzeagoa zen, Einsteinen autoritarismoaren erakusle.

Asko dira fisikaren jeinua misoginoa zela diotenak. Haren esaldi batek erakusten du emakumeekiko zuen iritzia: «Oso emakume gutxi dira sortzaileak. Nire alaba ez nuke fisika ikastera eramanen. Kontent nago nire bigarren emazteak ez dakielako tutik ere zientziari buruz».

1915ean ezkondu zen bigarrenez Einstein. Baina Maricek bere azken karta jokatu zuen egindako lanaren aitortzaren alde. Dibortzioaren paperak sinatzeko baldintza bat jarri zuen: Nobel saria irabaztekotan, jasotako diruaren zati handi bat berari eman behar zion Einsteinek. 1921eko Fisikako Nobel saria jaso zuen efektu fotoelektrikoari buruzko azalpenengatik eta fisika teorikoari egindako ekarpen handiarengatik. Ordainetan jasotako diru guzia Marici eman zion.

Eztabaida bizia sortzen du

Einstein eta Maricen arteko elkarlanak eztabaida sutsuak sortzen ditu oraindik ere. Machok dioenez, «bereziki eztabaidatua» da. Horren adibide izan daiteke arestian aipatutako hitzaldia. Gonzalezek hitzaldia bukatzean, aditzera joan zen fisiko teoriko batek bereak eta bi esan omen zituen. «Niri eraso egin didate blogean Mileva Marici buruz idazteagatik. Jarri nuen noiz jaio zen, eta esan nuen eztabaida zegoela Einsteinen ikerketetan izan zuen parte hartzearen inguruan. Twitterren kristorenak esan zizkidaten; ez nuela eskubiderik hori idazteko». Ez zen lerratu, baina, hala ere, Maricen izenak berak jende asko sutzen du. «Mileva Maricen aurkakoen bortizkeriak asko harritzen nau». Machok argi du mitoak sortzea okerra dela. Einsteinen kasuan hori gertatu da. «Jende askok uste du jeinu bati dirdira kentzen ari zaizkiola, eta saiatzen dira gizon honi inork itzalik ez egitea». Baina Maricen aldekoek ez dute Einsteinen lana zalantzan jartzen.

Maric ez da aurkakoak dituen emakume zientzialari bakarra. Haiek itzalpetik ateratzen saiatzen direnen lana kolokan jartzen dute askotan. «Batzuek diote berdintasunaren gaia pil-pilean dagoenez emakumeak itzaletik ateratzeko lupa erabiltzen ari garela eta istorioetako asko behartuak direla». Hori zalantzan jarri du EHUko irakasleak: «Sistema patriarkala mugitu egiten da gizon bat estaltzen denean».

Matxismoa ez da zientziaren arazo bakarra. Elitismoa ere badago. Machok uste du zientziaren mundua «oso makurra» izan dela, beti pertsona entzutetsuez aritu izan delako taldeei buruz baino gehiago. «Jende askok taldearen buruaren lanari ematen dio balioa». Orain egoera aldatzen ari delakoan da, dena den.

Machok argi du emakume horien lana bistaratu behar dela, eta hori egiten du blogean: «Hala ere, emakume batzuen lana inoiz ez da ezagutuko». Oztopoak oztopo, emakumeek zientzian izan duten eginkizuna aldarrikatzen duen korronte sendoa dagoela uste du EHUko irakasleak.

Aurkako jarreren ondorioak jasan arren, ez du gogorik galdu. «Berdintasunean bizi garela uste duzunean, ahantzitako emakume bat ikusarazi nahi duzunean, esaten dizute bigarren mailakoa zela, eta molestatzen die. Baina lanean jarraituko dugu gaia mahai gainean jarri nahi dugunok».

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s