Emakumeak ikusgarri

euskalemakumeak2

2011n Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko egunerako kamisetak bereziak egin zituen. Kamiseta haiekin batera eztabaida etorri zen. Kukuxumuxuko marrazkilariek diseinatutako kamisetan, Euskal Herriko emakumeen figurak azaltzen ziren, zazpi lurraldeetako hainbat garai eta izaerako 44 emakumeren irudiak eta izen-abizenak, hain zuzen.

Lola Valverde Historia katedraduna aritu zen ikerketa lanean eta kamisetan ageri ziren emakume guztiak aukeratzeko Valverdek irizpide komun bat erabili zuen: «Gaur egungo euskal emakumeen aitzindari, eredu eta bidegileak: guztiak menderakaitzak». Miliziarrak, sufragistak, maistrak, musikariak, doktoreak, erreginak, sorginak, idazleak… den-denak apurtzaileak bizi izan ziren garaian.

Horren inguruan sortu zen eztabaida. Hona hemen Arantza San Sebastianek idatzitakoa:

“Eztabaida sortu digu. Batzuk diote hor ekartzen zaizkigun hainbat adibide desegokiak direla. Nola izendatu aitzindari prostituta lapur bat? Eta proxeneta bat? Hori al al da emakumeok historiari egin behar diogun ekarpena? Emakumeen ikusgarritasuna eta presentzia publikoa aldarrikatzen dugunean, orain arte izan dugun gizarte sistema errepikatzeko izango da? Ez al luke ekarri behar eredu bidezkoago bat? Horretarako bada, ez du merezi borroka egitea!

Besteek, historiako gizon ospetsuen artean zenbat ez ote diren lapur edo hiltzaile izan, zenbat militarrek ez ote dien izena eman gure kaleei, begira bestela historia liburuak nola dauden enperadorez, diktadorez eta baita proxenetaz eta bortxatzailez beteak; eta horien izenak ematen diegu ikasteko ikasleei, kontzientzia-objekziorik gabe!

Eztabaida zaharra da. Eta honetan ere ñabardurak garrantzi handikoak dira. Baina zer nahi duzu esatea. Ez dut bat egiten kamiseta horretan agertzen diren hainbat emakumeekin. Baina biziki poztu naiz nire herriaren historian eurak ere badaudela deskubritzean.”

ETA ZUK? ZER DIOZU?