Emakume asmatzaileak

berriaB

2015-11-10 / Goizalde Landabaso

Emakume asmatzaileak

Goizalde-LandabasoKasualitatez jakin dut Monopoly jolas ezaguna emakume baten ideia izan zela: Elizabeth Magie Philipsena. 1886an jaio zen, AEBetan. Poeta, antzezlea, feminista eta ingeniaria izan ei zen. The Landlord’s game asmatu zuen. Bere asmoa: Henry Jamesen politika ekonomikoa praktikan zelakoa izan zitekeen erakustea. Elizabeth Magie Philipsek asmatu zuen jolasean, jokalari guztiak kopuru berarekin hasten ziren, eta bakoitzaren estrategiak eraman zitzakeen aberastera edo txirotzera.

1904ko urtarrilaren 5ean patentea eman zioten Philipsi, baina aldaketa txiki batzuk eginda,

apurka-apurka, bere ideia lapurtzen joan ziren. Monopolyra arte. Charles Darrowek sortu ziren hamaika bertsioetatik ezagunena patentatu zuen; eta aberastu zen. Anti-Monopoly ere sortu zuten. Monopolyren jabeek epaitegietan egin zuten borroka. Euren argudioa: soilik Darrow zela asmatzailea. Epaiak, baina, arrazoia eman zion beste aldeari: sortzailea Elizabeth Magie Philips izan zen. Hala ere, leku gehienetan emakume horren izena ez da agertzen. Beste emakume asmatzaileena agertzen ez den bezala. Salbamendu-txalupa Maria Beaselyk asmatu zuen. Eguzkiaren energiaz hornitzen zen lehenengo etxea, Eleanor Raymond arkitektoak eta Maria Telkes fisikariak. Letitia Geerek, xiringa. Hozkailu modernoa, Florencia Parpartek. Ada Lovelacek konputagailuen algoritmoa. Ontzi-garbigailua, Josephine Cochranek. Segurtasun kameren ideia Marie Van Britan Brownek izan zuen. Paper poltsa, Margaret Knightek. Etxeko berogailu zentrala, Alice Parkerrek. Garagardoa bera Mesopotamiako emakumeen ideia izan ei zen. Urpekontzien periskopioa, Sarah Matherrek. Tippex-a, Bessie Nesmith Grahamek. Kotxeen haizetako-garbigailua, Mary Andersonek. Hedy Lamarr Hollywoodeko izar distiratsua izan zen, eta baita wifiaren aitzindariaren asmatzailea.

Adibideak hamaika dira. Emakumea oraindik ere, baina, historiak lausotuta dago.